AEBk eta Israelek Iranen aurka egindako erasoaren aurrean

2026ko otsailaren 28an

Gaur goizean AEBk eta Israelek Iranen aurkako erasoa abiarazi dute, hainbat eraikin gubernamental eta base militarren aurkako bonbardaketak eginez. Iranen buruzagitza politiko-militarra erauzten saiatzera bideratua izan da erasoa, inperialismoaren mesedepeko agintaritza-aldaketa eragiteko helburuarekin. Horren aurrean, Iranek AEBk Asia Mendebaldeko hainbat herrialdetan dituen base militarrak kolpatu ditu. Gerra deklarazioa den eraso inperialista berri hau irmoki salatu nahi dugu.

Gertakariok kokatzeko, nahitaezkoa da Israelek eta Iranek jokatzen duten papera ulertzea. Inperialismoak Asia Mendebaldearen menperakuntza bermatzeko darabilen tresna da Israel, bertako herriak azpiratuta mantendu eta zonalde geoestrategiko honen gaineko kontrola bermatzeko proiektua. Bestalde, Iran Erresistentzia Ardatzaren zutabe nagusia da, izaera antiinperialista eta antisionista duen aliantza horren muina, alegia. Iran gabe, zaila litzateke Palestinar edo Libanoar Erresistentzien gaitasuna eta hauen biziraupena ulertzea. Hornikuntza, logistika, aholkularitza eta inteligentzia militarra eskaintzen die eskualdean Mendebaldeko inperialismoari eta sionismoari aurre egiten dieten erresistentzia indar guztiei. Horrela, Israeli aurre egin diezaiokeen aktore nabarmenena da eta, hortaz, inperialismoaren desirentzako oztopo nagusia. Beraz, entitate sionistak NATOko herrialdeen babesarekin eta arabiar erregimen erreakzionarioen kolaborazioarekin Iranen aurka abiarazitako eraso inperialista hau bere subiranotasuna defendatzeagatik eta honek palestinar herriaren alde eta sionismo zein inperialismo atlantistaren aurka betetzen duen funtzioagatik gauzatu da.

AEBk hilabeteak daramatza Iran mehatxatzen, beren programa nuklearra eta misilistikoa bertan behera utz dezaten eta Erresistentzia Ardatzeko indarrak sostengatzeri uko egin diezaioten exijitzen. Hau da, Iranen subiranotasuna bermatzen duten oinarrizko zutabeak desegitea, bere baliabide defentsibo disuasorioak deuseztatzea eta eskualdeko indar antisionistak babesteari uztea exijitzen, Iranen erabateko errendizio politikoa ekarriko lukeena. Iranek, ordea, ez dio mehatxu honi men egin eta horregatik izan da erasotua.

Nabarmentzekoa da gertakari hau ez dela edozein momentutan etorri. AEB eta Israelek denbora luzez daramatzate Iran ezegonkortu nahian, sistema politikoaren aldaketa eragingo lukeen barne protestak hauspotzen. Hori errazteko, hedabide nagusiak mendebaldeko jendartearengan interbentzio militar baten aldeko iritzi publikoa sortzen aritu dira. Gainera, ezin dugu ahaztu azken 2 urteetan inperialismoak Siriar Arabiar Errepublika eraistea eta Hezbollah eta Palestinar Erresistentzia higatzea lortu duela. Gertakari hauek guztiek sionisten eta yankien mesedepeko testuingurua sortu dute, Iranen aurkako operazioa ahalbidetu duena.

Hortaz, Iranen aurkako erasoa ezin dugu modu isolatuan ulertu, inperialismo atlantistaren hegemonia mundialaren gainbehera testuinguan baizik. Mundua koordenada multipolarretara mugitzen ari den honetan, NATOko herrialeei ezinbestekoa zaie munduko igarobide komertzial eta baliabide energetiko nagusien gaineko kontrola izatea, pontentzia emergente berrien aurkako lehia ekonomikoan gailentzeko. Zentzu horretan, Mendebaldeko potentzien menderakuntza saiakerei aurre egiten dieten herriak jopuntuan jartzen dituzte, eta hor kokatu behar dira, hain zuzen ere, Siria, Libano, Yemen edo Iranen aurkako erasoak.

Horren eta egunotan jasango duen kriminalizazioaren aurrean, Iranek bere burua defendatzeko erabateko zilegitasuna duela adierazi nahi dugu, ezbairik gabe. Ezin dugu ahaztu Iran izan dela entitate sionistari aurre egin dion estatu bakarra eta Israel ezegonkortzeko gaitasun erreal handiena izaten jarraitzen duen aktorea.

Kausa antisionista eta antiinperialista herri langileon kausa da. Agerikoa da errelato inperialistatik haratago, ez AEBk, ezta sionistek ere ez dutela inoiz Irango herriaren ongizatea helburu izango. Horrenbestez, une honetan Iran jasaten ari den eraso inperialistaren aurka eta honek entitate sionistaren eta NATOren aurka aurrera eramaten ari den kontraofentsibaren alde lerratzea dagokigu.

Iranekin elkartasuna!

Erresistentzia Ardatza aurrera!

Gehiago honi buruz: Jarki