Datorren azaroaren 11n euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek greba orokorra deitu dute. Euskal Herriko langileriak jasaten duen esplotazio eta miseria geroz eta nabarmenagoa den testuinguru batean antolatu da deialdia eta horrenbestez, greba hau babesteko hautua egin dugu.

Aipatzekoa da, ekimen hau espainiar estatutik datorren deialdi bat dela, behin han abiatu eta gero, Hego Euskal Herrira ekarri dena. Kontraesan honetaz jakitun izanda ere, azpimarratzekoa iruditzen zaigu etxebizitzaren auzia Euskal Herriko langileriari erabat eragiten dion afera dela, eta hortaz, problematika honen aurrean langileriak duen ezinegona eta oinarrizko beharrizanak asetzeko gabezia nabarmentzeko aukera ere badela, baita honen borroka grina bideratu eta antolakuntzan sakontzeko beta ematen duela ere. Dena den, eta aldi berean, Euskal Herri Langileak antolakuntza eta borrokarako marko eta agenda propioak garatzea ezinbestekoa ikusten dugu, estatu zapaltzaileek inposatzen diguten bideetatik haratago.

Auziari helduta, argi dugu etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, inoiz ez dela bermatua egongo, ordea, langileen lepotik gutxi batzuen negozio-iturri izaten jarraituko duela. Soilik horrela uler daiteke kapitalaren eta espekulatzaileen esku milaka eta milaka etxebizitza huts egotea eta, aldi berean, langileriaren zati handi batek bere burua kale egoeran, alokairua ordaindu ezinean edota etxegabetze baten aurrean ikusi behar izatea. Horren aurrean, bi aldarrikapen nagusi mahaigaineratu behar ditugu: Etxebizitzaren kontura etekina ateratzen duten putre-funtsen, banketxeen zein espekulatzaileen espropiazioa eta etxegabetzeen berehalako etetea.

Ildo horretatik, azken helburua etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala dela bermatzea izan behar da eta horrek langileriaren beharren araberako ekoizpen planifikatu baten beharra mahaigaineratzen du, soilik kapitalismoaren gaindipenaren eta sozialismoaren eraikuntzaren eskutik etorriko dena.

Etxebizitzaren auzia, langileriak egunerokotasunean pairatzen duen zapalkuntza egoeraren adierazle gordinenetako bat da. Hau, dena den, burgesiaren klase menperakuntzaren testuinguru zabalago baten baitan ulertu beharra dago: bizitzaren garestitzea, soldata errealen jaitsiera, kaleratze masiboak, militantzia politikoaren aurkako errepresioa… denak ala denak gizarteak bere barne duen klase borrokaren erakusleak dira.

Zentzu horretan, etxebizitzaren aldeko borroka langileriak pairatzen duen zapalkuntza forma ororen aurkako borroka bilakatu beharra dago. Borroka sektorialek eta hauetan lor daitezkeen garaipen partzialek kontzientziazioa eta aktibazioa bultzatzeko balio behar dute, antolakuntzaren bitartez, gradualki, Euskal Herri Langilearentzat alternatiba politiko integral bat gorpuzteko helburuarekin. Horrenbestez, Euskal Herri Langileari dei egiten diogu datorren azaroaren 11n burutuko den greba orokorrean parte hartzeko, askapen sozial zein nazionalaren prozesuan sakontzen joateari begirako aurrerapauso gisa.

Euskal Herrian espekulariozik ez! Espropiazioa orain!