ASKE antolakundeak prentsaurrekoa burutu du Donostiako kaian, datorren irailaren 14an antolatutako manifestaziora deituz.

Urtero bezala, Amnistiaren eta Euskal Preso Politikoen aldeko aldarriz beteko dituzte Donostiako kaleak.

ASKE antolakundeak prentsaurrekoa burutu du Donostiako kaian, datorren irailaren 14an antolatutako manifestaziora deituz.
2025eko abuztuaren 2an

Batek loturik diraueino ez gara gu asetuko, batek preso diraueino ez gara libre izango. Kantetatik haratago, esaldi hau herri langilearen askatasun grina eta elkartasuna ederki laburtzen zuen leloa izan da. Azken urteotan aldiz, badirudi preso politikoen auzia bigarren edo hirugarren mailako gaia izatera igaro dela. Izan ere, “bakearen aroan” gaudenaren baieztapenaren pean, gatazka politiko oro ezkutatu eta iraganeko gertakarietara mugatu nahi dute, Preso Politikoena alfonbra azpian ezkutatu beharreko errealitate ezerosoa bilakatu delarik.

Egiak, ordea, aitzakien artean bidea egin eta errealitate gordina uzten du agerian, Euskal Herrian gatazka politikoa darraiela baieztatuz. Horrela, oraindik ere hainbat dira Euskal Herriaren askapenaren alde aritzeagatik, espainiar zein frantziar estatu kapitalisten espetxeetan bahituak aurkitzen diren Euskal Preso Politikoak. Ehunka dira, euren jardun politikoaren ondorioz, egun, jazarpena eta espetxe zigorren mehatxua pairatzen ari diren militanteak. Etxegabetze bat geldiarazten saiatzea, faxismoari aurre egitea, langileonganako esplotazioa salatzea, palestinar herriarekiko elkartasuna adieraztea edo Euskal Herriko askapen nazionalaren alde borrokatzeak, estatu zapaltzaileen demokraziapean jazarpena eta espetxeratzea suposatu dezaketen krimenak dira.

Guzti honen helburua argia da: militantzia politikoa jazarpenaren bitartez deuseztaraztea. Frantziar eta espainiar estatuek ondo baitakite borroka horiek, Euskal Herri Langilearen askapenaren bidean aurrerapausoak suposatzen duten bitartean, beraien interes eta nagusitasuna auzitan jartzeko potentzialtasuna dutela. Eta hor kokatu behar dugu, hain zuzen ere, estatuok borroka hauek jazartzearen arrazoi nagusia.

Bide horretan, errepresioaren salaketa egin eta honen jomuga direnekiko elkartasun adierazpenen aurkako debekuak areagotzen ari dira. Espetxera martxen kontrako milaka eta milaka euroetako isunak, “ongi etorrien” kriminalizazioa eta poliziaren normalizazioa zein bere jazarpenaren defentsa irmoa horren erakusle argienak dira. Azken finean, elkartasuna da errotik moztu nahi dutena, horrela militantzia politikoa agortuko dutenaren itxaropenean.

Horren aurrean, ez da nahikoa Euskal Herri Langileak egunero pairatzen duen jazarpena salatzea. Etsaiaren ziegetan 24 orduz bahituak dauden Euskal Preso Politikoen askapena aldarrikatzea dagokigu, hauekiko elkartasun dinamiken bitartez, urtean zehar Euskal Herriko txoko guztiak ereinez. Era horretan, amnistiaren aldarria izan behar dugu iparrorratz. Amnistiaren gauzapenak, preso politikoen askatasunaz gain, Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenaren gaindipena suposatzen baitu. Independentzia eta sozialismoa lortzeari begira, halabeharrezko baldintza dena.

Horregatik, irailaren 14an Donostian bilduko gara Euskal Preso Politikoen askapena eta amnistia osoaren aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko, mobilizazio horretan parte hartzeko deia luzatzen diogularik Euskal Herriari.

Gehiago honi buruz: Aske